2020(e)ko maiatzaren 11(a), astelehena

IPUINA LANTZEN.GARAPENA EDO KORAPILOA. 1


IPUINA LANTZEN




IPUINAREN SARRERA EDO HASIERAREN ONDOREN GARAPENA EDO KORAPILOA DATOR.

ZER KONTATZEN DA GARAPENEAN?
Zati honetan,bat-batean zerbait gertatzen da edo arazoren bat sortzen da ipuinean. Orduan, ipuineko pertsonaiek zerbait egingo dute arazoa konpontzeko.
Beraz, zati honetan narrazioa eta  ipuinean agertzen diren pertsonaien arteko elkarrizketak ere ager daitezke.

Orain, irakurri eta entzun ipuinari buruzko bideotxoa:


HONA HEMEN IPUIN BAT. IRAKURRI EZAZU POLIKI ETA ULERTUZ ETA ONDOREN BEGIRA EZAZU ZEIN ZATI DEN IPUINAREN GARAPENA ( urdinez dagoen zatia da).


DORTOKA ETA ERBIA




Behin batean, urtero bezala, basoko animaliak elkartu ziren eta lasterketa bat antolatu zuten. Erbia zen denetan azkarrena eta seguru zegoen berak irabaziko zuela berriro. Dortoka, berriz, astun eta motela zen.

Handik gutxira, erbiak dortokarekin topo egin zuen eta iseka zera esan zion:

-Ba al dakizu lasterketa bat antolatu dutela? Zergatik ez duzu izena ematen? ari zitzaion erbia zirika.
-Badakizu ezin dudala zure kontra jokatu. Motelegia naiz.

Basoko animalia guztiek ere hori esaten zioten dortokari. Egun batean, ordea, haserretu egin zen dortoka.
-Zuen ustez, oso astun eta motela naiz. Bada oraintxe bertan egingo diot erbiari apustu. Baietz lasterketa hori nik irabazi.

Erronkaren berri entzun bezain laster, erbiarengana joan ziren basoko animaliak. Erbia harrituta geratu zen eta dortoka erotu egin zela pentsatu zuen. Orduan dortokaren bila joan zen erbia. 

-Egia al da lasterketa jokatu nahi didazula?
-Bai,egia da,eta irabazi egingo dizut- erantzun zion dortokak haserre.

Handik bi egunetara, lasterketa ospetsua hasteko prest zegoen eta basoko animalia guztiak zain zeuden.

-A ze barreak egingo ditugun, lagunok! -zioen erbiak.
-Aurrera! -esan zuen arbitroak.- Onenak irabaz dezala!
-Ni lasai. -Zioen erbiak. -Dortokak edozer eginda ere, nik irabaziko dut.

Dortoka gaixoa lasterka hasi zen.

-Aupa! -animatu zuen hontzak. -Ausarta izan behar da bizitzan!
-Eskerrik asko! -dortokak arnasestuka.

Erbia oso seguru zegoen garaipenaz eta oraindik mugitu gabe zegoen, loreak biltzen.
-Ibil dadila! Berehala harrapatuko dut, nahi dudanean. Oraindik denbora daukat eta lokuluxka bat egingo dut. -Esan zien erbiak bere lagunei.
-Ez al zara gehiegi fidatzen ari? Abisatu zioten.
Dortoka, pixkanaka-pixkanaka helmugatik gero eta gertuago zegoen.
-Eutsi, segi, ez etsi! -Animatzen zuten lagunek, gutxi falta zitzaiola ikusita.
Erbia lotan ikusita, esnatu egin zuten animaliek.
-Bizkor, altxa! Bestela dortokak irabaziko dizu.
-Zer diozue? Ezin liteke!
Erbia konturatu zenerako beranduegi zen. Inoiz baino azkarrago abiatu zen dortoka harrapatzeko, baina ezin. Lehenengo aldiz, galdu egin zuen!


Dortoka helmugan sartu zenean animalia guztiak hasi ziren txaloka eta goraka. Eta erbiak ikusi zuen pausoka urruti iristen dela eta ez dela gehiegi fidatu behar norbere indarrez.



IPUINA IRAKURRI ONDOREN, ERANTZUN GALDERA HAUEK eta MARRAZKI BAT EGIN:

1. Zein ziren pertsonaia nagusiak?

2. Non bizi ziren?
3. Nolakoa zen erbia?
4. Nolakoa zen dortoka?
5. Zer gertatu zen behin batean?
6. Zer egin zuen dortokak?
7. Zer egin zuen erbiak?
8. Zer aldatu da bukaeran?
9. Nor duzu gustukoago bietatik? zegatik?




Zuen lanak gure helbideetara bidali:
- LH2 MARIJO: mmendizabal@aieteikastetxea.com
-LH3 JUGATX: jetxeberria@aieteikastetxea.com








iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina