Adi-adi eta lasai irakurri.
MARTETARRAK ZARAUTZEN
Martetarrak nekatuta heldu ziren zarautza halako bidaia luzearen ondorioz. Jateko eta edateko zerbait eman zieten eta Antoniano ikastetxera eraman zituzten, atseden hartzera.
Han beren egoitzak ondo antolatuta zeuden:ohe txikiak, armairuak, mahaitxoak, jangela, egongela neurriko eserleku eta besaulkiekin, komunak, dutxak...emakume eta gizonezkoentzako. Oraingo bidaian hamar gizon eta hamar emakume etorri baitziren Martetik.
Zarauztarrak aztoratuta zeuden ezohiko gertakizun harekin.
Telebista kamerak, ehunka kazetari mikroak ahoetan zituztela harantz eta honantz, argazkilariak,kuxkuxeroak...denetik ikus zitekeen herriko kaleetan. Baina itxura susmagarriko inozo eta txorimaloak ere bai, eta horien artean gutxi ez espioi iparramerikarrak. Nondik edo handik martetarren bat bahitu nahi zuten edo haietako bati zerbait lapurtu. Eta horretarako armak erabili behar bazituzten ere, ez ziren atzean geldituko.
Baina martetarrak horren jakitun izanik, ongi prestatuta etorri ziren. Telepatia eta pertzepzio estrasentsorialeko teknikak bereziki landu zituzten eta haien detektagailuek laster bereizten zituzten asmo onez edo txarrez zetozen pertsonak. Eta areago oraindik, xede maltzurrez zetozen espioien uhin gaiztoak eta bihotz taupada azkarrak berehala antzematen zituzten haien gailu sofistikatuek.
Hurrengo goizean, heroi bihurtu nahi zuen espioi bat isilka hurbildu zitzaion martetar txiki haietako bati atzetik, bere arma automatikoa prestatuta, eta martetarrak lasai asko buelta eman eta esan zion:
-Zer nahi duzu nigandik? Alferrik zabiltza zure tresna txepel horrekin...
Espioiak arma erabili nahi izan zuen, baina bera-bera eginda jarri zitzaion, plastilinazkoa bailitzan. Mugikorra atera zuen bere buruzagiekin harremanetan jartzeko eta aparailuak "Altza Felipe trulalai, trulalai..." jotzen zion etengabe. Burumakur alde egin behar izan zuen handik.
GALDERAK ERANTZUN:
1. Zein dira ipuinaren zati honetan aipatzen diren pertsonaiak?
2. Non gertatzen da?
3. Nolakoak dira Zarautzera iritsi diren martetarrak itxuraz? Eta zer gaitasun berezi dituzte?
4. Zenbat martetar iritsi dira?
5. Nola daude zarauztarrak martetarrak iritsi direlako?
6. Zer egin nahi zion espioiak martetarrari atzetik hurbildu zaionean? Eta lortu al du nahi zuena?
7. Nola geratu zaio espioiari eskuetan zuen arma?
8. Espioiak, bere buruzagiari deitzeko mugikorra atera duenean, zer gertatu da?
9. Pasarte hau benetan gertatutakoa al da? Zergatik?
10. Gustatu al zaizu?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina